Publicador de contenidos
Atrás

Landaola sarietako hautagaietako bat gara

Ostiralean banatuko dituzte V. Landaola Sariak Azpeitiko Azoka plazan.

01·03·2022


V. Landaola sarietan lau sari banatuko ditu Landaola Federazioak: erakunde pribatuaren saria, erakunde publikoaren saria, emakumeak landa eremuan saria eta urteetako ibilbideari saria. Sari banaketa ekitaldia martxoaren 4an, ostirala, 12:00etan, egingo dute Azpeitiko Azoka plazan.

Landaolak Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz antolatzen ditu sariak, eta federazioa osatzen duten lurraldeko sei landa garapen agentziek —tartean, Urola Kostako Urkome eta Tolosaldeko Tolomendi– beren hautagaiak aukeratzen dituzte. Hala, erakunde publikoei eta erakunde pribatuei dagokien sarietarako seina proiektu daude hautagaien artean, eta horiek jakinarazi dituzte. Emakumeak landa eremuan eta urteko ibilbidearen sariak, berriz, sari banaketa ekitaldian bertan ezagutaraziko dituzte.

Sarietarako proiektuak hautatzeko garaian, honako alderdiak kontuan hartu dituzte landa garapen agentziek: Proiektuak eredugarri izateko dituen baldintzak, proiektuak zer eragin duen landa eremuko biztanlerian eta sortutako lanpostu kopuruan, zabaltzeko duen aukera edota izandako oihartzuna eta eskualdeko landa garapen elkartearekin izandako lankidetza.

Urkomek izendatutako proiektuen artean, Saiaz mankomunitatea.

Urkomek Landaola sarietarako proposatutako hautagaien artean dauden proiektuak honakoak dira: erakunde pribatuen sarietarako, Latxari kooperazio proiektua eta erakunde publikoei dagokienerako, Saiaz mankomunitatea.

Saiaz gizarte zerbitzu mankomunitatea Albizturko, Bidania-Goiazko, Beizamako eta Errezilgo udalek osatzen dute. Urkomek sarietarako proposamena egiteko orduan Saiaz mankomunitateaz nabarmendu duena honakoa izan da: “Lau herri horietako pertsonekin, taldeekin eta komunitatearekin egiten du lan Saiazek. Hainbat programa eta prestazio eskaintzen ditu adinekoei, ezinduei, gizarte bazterkerian dauden pertsonei, atzerritarrei zein indarkeria matxista jasan dutenei bideratuta”. Horrez gainera, Errezilen eta Bidania-Goiatzen bi zentro balioanitz, eguneko zentroa eta larrialdiko etxebizitzak kudeatzen ditu. Saiazen berezitasunen artean, “ordutegi malgutasuna” bereziki azpimarratu du landa garapen agentziak: “Pertsonak erdigunean jartzen dituzte zerbitzua ematerako orduan, eta tokian tokiko egoerara moldatzen dute zerbitzua. Herri txikienen artean, gizarte zerbitzu eredugarri gisa hartzen da Saiaz mankomunitatearen lana”.