Auzotu programa: teknologia komunitarioa
2022·07·06
AUZOTU programako lehenengo fasean (2020-2021) pandemia garaian gizarte mailan sortu ziren laguntza sareak aztertu ziren eta baita, teknologiak izan zuen garrantzia identifikatu ere.
Lehen faseko emaitza onak ikusita, 2021eko azaroan ekin genion AUZOTU programaren bigarren faseari. Fase hau, teknologia sozialeko elkarte hauek gidatu dute: APTES, APITROPIK eta LOTURA elkarteek, SAIAZ MANKOMUNITATEA eta DONOSTIAKO UDALAREKIN batera. Proiektu bera Saiaz Mankomunitateko herritarekin eta Donostiako Amara Berri auzotarrekin egin da, landa ingurua eta hiria alderatzeko helburuarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiko "Etorkizuna Eraikiz" programak diruz lagundu du proiektua.
Bigarren fase honetako helburua, teknologia berriak erabiliz harremanak sustatzea izan da.
Uztailak 4ean eman genion amaiera Auzotu programari eta teknologia komunitarioa helburu hartuta lanketa konplexu bat egiteko aukera izan dugu. Behar hau lantzeko gai berri bat sortu behar izan da, modu honetara arlo hau aurrez ez baita landu. Teknologia berrien erabilerak eskatzen dituen zenbait behar zerrendatu ditugu eta azkenean, ekarpen guzti hauekin infografiaz osatutako poster handi bat egin dugu. Bertan, urte guztian proposatutako ekintzak eta hauek aurrera eramateko programa informatikoak ere zehaztuz.
Baina programa ez da paperean bakarrik geratu, bertan sortu ziren zenbait beharren lanketa ere gauzatzen hasi gara. Hala nola, Bidania-Goiazko liburutegian sortu den taldea. Talde horretan, mugikorraren eta zenbait aplikazioen funtzionamendua ikasteko aukera eskaintzen da. Bertan parte hartzen ari direnentzat benetan garrantzitsua izaten ari da, teknologia berriak ikasteaz gain, hauei beldurra kentzeko aukera ere ematen dielako. Talde honek izan duen balorazio ona ikusita, irailetik aurrera ere jarraipena izango du, bai herritarrentzat eta baita gainontzeko hiru herrietakoentzat ere.
Hasieran gai konplexu eta zaila ikusten bazen ere, oso balorazio onarekin amaitu den programa izan da. Teknologia berrien erabilerarena oso beharrezkoa den gaia da eta jarraipena behar duena, horregatik, gaiaren lanketan eta programa berrietan aurrera egiteko apustua egiten jarraituko da.