Atzealdea

Teleadin proiektua esperimentatu dute Bidania-Goiazko bikote batekin

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolak Teleadin, bideo bidezko telelaguntza proiektuaren lehen fasea aurkeztu du gaur, bertan parte hartu duten kide eta protagonista nagusiekin.

2019·10·09


Tolosaldeko Atarian argitaratutakoa

 

Bidania-Goiazko bikote baten etxean hilabetez esperimentu bat egiten aritu dira: Teleadin, bideo bidezko telelaguntza. Proiektuaren lehen fasea izan da, eta berarekin, bikotearen egunerokotasuna jarraitu da teknologiaren bidez. Honela azaldu dute Teleadin proiektua Inmakulada Lanbide Ikastolan: "Teleadin proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Adinberri ekimenaren baitan garatu da. Gizartearen beharrei erantzuna emanez, zerbitzuaren helburu nagusia 3. adineko edota mendekotasuna duten pertsonen eta horien zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea da. Autonomia denboran ahalik eta gehien mantenduz, pertsonak bere etxean bizitzen jarraitzeko aukerak areagotu nahi dira proposamen honekin". Proiektuaren balio erantsiak teleasistentzia zerbitzuaren bideo izaera, eta batez ere, ikasleen parte-hartzeak suposatzen duen belaunaldien arteko harreman berrien sorrera direla gaineratu dute.

Esperientziarekin oso gustura agertu dira proiektuan parte hartu duten kide guztiak. "Pertsonan oinarritutako plan batean identifikatutako behar biopsikosozialei erantzuna emateko zerbitzu katalogo bat sortu zen proiektuaren garapenean, eta zerbitzu honen baliagarritasuna esperientzia pilotu batean frogatu zen aurtengo ekainean", azaldu dute Teleadinen aurkezpenean. Ekitaldi horretan, emaitza positiboak agerian utzi nahi izan dituzte, eragileen lekukotzak zabalduz: "Ikuspegi integrala duen esku-hartze batek, eta bideo bidezko jarraipenak, pertsonaren funtzionaltasunean eta hautemandako ongizatean onurak dituela frogatu da, pertsonaren bizi kalitatea hobetuz". Proiektuan parte hartu duten ordezkariekin, eta zerbitzuaren jasotzaileak izan diren bikotearekin mahai inguru bat osatu da, diziplina anitzeko ekipo profesionalaren eta bikotearen bizipen eta ondorioak partekatu direlarik.

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolarentzat "proiektua martxan jartzea eta koordinatzea aberasgarri eta positiboa" izan dela esan dute, "ez jasotako ezagutza eta esperientziaren baliagarritasunagatik bakarrik, baita sortu diren harreman profesional eta pertsonalengatik ere".

Proiektu honetan parte hartu dute Tolosaldea LHII, Harrobia, EHU/UPV eta Ideable Solutions-eko kideek. Zubi lanetan, berriz, Saiaz Mankomunitateko gizarte langilea aritu da. Azkenik, guztiek eskerrak eman nahi izan dizkie Bidania-Goiazeko bikoteari, emandako urratsagatik. 

 

Tolosaldeko Atarian argitaratutakoa